• Foals, Kraftwerk, Morgan, Amaia edo First Girl On The Moon, besteak beste, izan ziren bart, udazkeneko indoor jaialdi handienaren lehenengo egunean

Musika elektronikoaren aitzindari diren Kraftwerk alemaniarrek 3Dko ikuskizuna eskaini zuten, eta Foals taldeak berriki argitaratu duen ‘Everything Not Saved Will Be Lost’ lanaren zuzeneko lehenengo aurkezpenetako bat eskaini zuen bart BEC! aretoan, bi egunetako BIME LIVE jaialdiaren lehenengo jardunaldian. Dena dela, arratsalde hasieratik hasi zen jendea hurbiltzen, eta 5 agertokietan ez zen ikus-entzulerik falta izan, ez talentu berriek jo zutenean, hala nola First Girl On The Moon euskal bikoak, ezta artista ezagunak aritu zirenean ere, esate baterako Enric Montefusco. Morgan banda madrildarrak eta Nafarroako Amaia artistak argi utzi zuten euren izenak zergatik diren ezinbesteko jaialdi handi batean, ikus-entzule ugari erakarri baitzituzten Antzerkia agertokira. Azken joerei erreparatuz beti, BIME LIVE jaialdiko Gaua eta Goxo agertokietan elektronika eta musika urbanoak dira nagusi, eta goizaldeko ordu txikietan ikus-entzule gehienak bi agertoki horien inguruan bildu ziren.

Askotariko jendea elkartzen da BIME LIVE jaialdiak eskaintzen dituen hainbat girotan: gazte-gazteak Goxo agertokiko programazio freskoagoa eta urbanoagoan; gau-txoriak eta elektronikaren zaleak Gaua agertokian; gourmet ikus-entzuleak Antzerkia agertokian, eta jarraitzaile leialenak ere gustura geratu ziren jaialdiak beti bermatzen duen artisten zerrenda bikainarekin.

Gaur, larunbatean, BEC! aretoko ateak berriro zabalduko dira artista handien sorta ederraz gozatu ahal izateko: Jamiroquai, Alabama Shakes taldeko Brittany Howard eta Roísín Murphy; horiekin batera, Carolina Durante, Mark Lanegan Band, The Divine Comedy, edo Omago talde hasiberria, besteak beste.