Pro

SARTZEKO BALDINTZA OROKORRAK

1. SUSTATZAILEAREN IDENTIFIKAZIOA

Izena: BIZKAIA INTERNATIONAL MUSIC EXPERIENCE, AIE (aurrerantzean, “konpainia”).
IFK: V-95.968.236 Helbidea: Ventosa Bidea, 46, 1º D, 48013 PK – Bilbo.
Harremanetarako telefonoa: 944154551. E-maila: dudas@lasttour.net

Sarreren salmenta konpainiaren egoitza sozialean gauzatzen dela jotzen da eta, sarrera bat erosten denean, onartutzat emango dira baldintza orokor hauek, kalterik egin gabe sarrera konpainiarena ez den beste plataforma eta/edo ordainketa pasabide baten bidez eta/edo beste edozein bide edo mekanismotatik erosten denean aplikagarriak izan daitezkeen beste baldintza batzuei.

2. BALDINTZA OROKORREN ONARPENA

Sarrera erosi eta/edo edukiz gero, erabiltzaileak baldintza orokor hauek guztiak onartuko ditu.

3. ESPARRURA SARTZEA

3.1. Esparrura sartzeko sarrera edo bonua erakutsi beharko da, eta benetakoa ote den egiaztatzeko eskanerretik pasako da. Sarreraren edo bonuaren ordez, eskumuturrekoa, txartela edo bestelako mekanismo, bide edo sistema bat eskuratu ahalko da esparrura sartzeko. Sartzeko sistema horietako bat eskuratu ahal izateko, NANa edo identifikazio agiri baliokide bat aurkeztu beharko da sarreraz gain. Pertsona bakoitzari sarrera sistema bakar bat emango zaio. Antolakuntzako langileek erabiltzailearen eskumuturrean jarriko dute aipatu mekanismoa, bai ala bai.

Jaialdira sartu ahal izateko, ezinbestekoa da sarreraren edo bonuaren irakurketa egitea eta/edo dagokion sarrera sistema erakustea.

Esparrura sartzeko, NANa edo identifikazio agiri baliokide bat erakutsi beharko da sarreraz edo sartzeko sistemaz gain. Behin esparrura sartutakoan, antolakuntzako edo segurtasuneko langileek sarrera eska dezakete, eta erabiltzailea behartuta dago haiei erakustera.

Esparruan sartu ahal izateko, sarrerak, bonuak eta/edo sartzeko sistemak egoera onean egon behar du, hondatu gabe. Gainera, ekitaldiak irauten duen bitartean detektatzen bada erabiltzaile batek ez duela sarrera, bonu eta/edo sartzeko sistemarik, segurtasuneko langileek erabiltzaile horri eskatu ahalko diote frogatzeko zer sistema erabili duen sartzeko, eta, egiten ez badu, eta/edo erabili duen sarrera sistema ez bada baliagarria, esparrutik kanporatua izan daiteke.

Sarrera sistema pertsonala eta besterenezina da.

Hala dagokionean, jakitera emango da sarreraren edo bonuaren ordez dagokion sarrera sistema eskuratzeko lekuak eta ordutegiak zein diren, web orriaren, sare sozialen eta/edo ekitaldiarekin erlazionatutako ohiko komunikabideen bidez.

Esparrura ezin izango da sartu 03:00etatik aurrera edo ekitaldi zehatz bakoitzerako erabakitzen den ordutik aurrera. Behin ordu hori igarotakoan ezin izango da beste inor

sartu esparrura, eta norbait esparrutik ateratzen bada, ezin izango du bueltatu adierazitako ordutik aurrera.

3.2. Aurrekoari kalterik egin gabe, cashless erako ordainketa sistema bat erabiltzen bada, sarrera sistemari lotuta ala ez, sarrera eta/edo ordainketa sistema gorde beharko da, bai eta harekin erlazionatutako datu eta informazio guztia ere, egoki denean dagozkion zenbatekoak itzultzeko.

3.3. Sarrera ukatzeko eskubidea erreserbatuta dagoenez, erabiltzaileei ez zaie esparrura sartzen utziko edo bertatik kanporatuak izango dira honako kasu hauetan:

· Sarrera sistemarik ez badute.

· Sarrera sistema egoera onean ez badago (kaltetuta, hondatuta edo hautsita badago, osorik ez badago, edo konpondua izan bada) eta/edo faltsua dela susmatzen bada.

· Jarrera erasotzailea eta gogaikarria badute edo jendartean gorrotoa, indarkeria edo diskriminazioa eragiten badituzte jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea, ezgaitasuna, sexu orientazioa, genero identitatea edo beste edozein baldintza edo inguruabar sozial eta/edo pertsonal aitzakia hartuta, eta, bereziki, modu oldarkor, erasotzaile eta gogaikarrian jokatu eta kanpoan, sarreran eta/edo barruan istiluak eragiten badituzte, armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuak badaramatzate, eta soinean daramatzaten arropa, objektu eta/edo sinboloen bidez indarkeria bultzatzen badute edo legean eta Konstituzioan onartuta dauden funtsezko eskubideen kontrako jokabideen apologia egiten badute.

· Mozkortasun eta intoxikazio sintomak badituzte (itxuraz edo potentzialki) eta/edo drogak eta/edo estupefazienteak hartu dituztela edo hartzen ari direla susmatzen bada.

· Sarrera ukatzeko eskubidea erreserbatuta egon arren, inolaz ere ezin izango da sarrera ukatu jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea, ezgaitasuna, sexu orientazioa, genero identitatea eta/edo beste edozein baldintza edo inguruabar sozial edo pertsonal aitzakia hartuta.

· Susma badaiteke arrisku egoera bat sor daitekeela norberarentzat edo gainerakoentzat.

· Antolakuntzako langileek edo kontrol, zaintza eta segurtasuneko arduradunek esandakoa betetzen ez badute.

· Adingabeak sartzeko eskakizunak eta baldintzak betetzen ez badira.

3.4. Esparruko sarreran, litekeena da erabiltzaileei miaketa egitea, Legeari jarraiki. Ezin izango da esparrura sartu ekitaldiko sarreren kontrolaz eta segurtasunaz arduratzen diren langileek arriskutsutzat jotzen dituzten objektuekin edo indarreko araudian debekatuta daudenekin.

Segurtasun arrazoiengatik, ezin izango da sartu esparrura motorreko kasko, maleta eta poltsa eta/edo motxila handiekin. Aldiz, esparrura sartu ahalko da objektu txikiagoekin,

hala nola poltsa edo motxila txikiekin; dena den, objektu horiek miatu ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera. Jarraian adierazita dauden objektuak ere ezin izango dira esparrura sartu: botilak, latak, laser erakusleak, argazkiak edo bideoak egiteko gailu profesionalak, droneak eta/edo edozein motatako armak, beste batzuen artean.

3.5. Esparrura ezin da janaririk eta/edo edaririk sartu kanpotik. Aurrekoari kalterik egin gabe, erabiltzaileren batek premia bereziak baditu osasun arrazoiengatik edo antzekoengatik, antolatzaileen aurrean inguruabar hori frogatu beharko du aldez aurretik, dagozkion jarraibideak eman diezazkioten.

3.6. Edateko ura egongo da doan, erabiltzaile guztientzat.

3.7. Edonola ere, erabiltzaileena izango da beren ekintzen ardura, bai eta ekintza horien ondorioena ere.

4. SARRERAREN BALDINTZA OROKORRAK

Sarrera erosiz gero, baldintza hauek onartuko dira:

4.1. Behin sarrera erositakoan, ekitaldia bertan behera gelditzen bada bakarrik aldatuko da edo itzuliko da dagokion zenbatekoa. Gainerako kasuetan, ezin izango da sarrera itzuli (epekako salmenta barne).

Ekitaldia bertan behera utziko balitz, horren berri ematen denetik gehienez ere 15 egun naturaleko epean sarreraren zenbatekoa itzultzeko eska daiteke, zehazten den forman. Xede horietarako, ekitaldia bertan behera gelditu dela joko da egitarauaren erdia baino gehiago bertan behera uzten bada, dela ekitaldia hasi aurretik, dela behin ekitaldia hasi ostean.

Antolatzaileek ez dute inolaz ere itzuliko sarrerak merkaturatzeko salmenta bideetatik aplika daitezkeen banaketa kostuen zenbatekoa; izan ere, ez dira ekitaldiaren antolatzaileak zerbitzu hori ematen dutenak, ez eta zenbateko hori jasotzen dutenak ere.

Ekitaldia bertan behera geldituko balitz eguraldi txarragatik, hondamendi naturalagatik, Espainiako aire espazioa ixteagatik edo bestelako ezinbesteengatik edo antzeko arrazoiengatik, sarreraren zenbatekoa ez da itzuliko.

4.2. Antolatzaileek berentzat gordetzen dute egitaraua aldatzeko eskubidea (edukiari nahiz ordenari dagokionez).

4.3. Sarrera ez bada erosten salmenta gune ofizialetan, antolatzaileek ez dute bermatzen benetakoa izango denik. Jaialdiko antolatzaileek ez dute inolako erantzukizunik hartuko beren gain sarrera galdu edo lapurtuz gero. Sarrera erabiltzaileak zaindu behar du, ekitaldi egunera arte. Sarreraren onuradunak edo sarrera bere izenean pertsonalizatuta duenak bere gain hartu beharko du erantzukizun oro bere sarrera bikoiztuta, fotokopiatuta eta/edo faltsututa agertzen bada, eta, horrelakorik gertatzen bada, ekitaldira sartzeko eskubide oro galduko du. Aurkezten den lehenengo sarrera bakarrik izango da baliozkoa, haren kodea baliozkotu ostean betiere. Gerora beste sarrera bat edo batzuk aurkezten badira kode berarekin, baliogabetzat joko dira.

4.4. Debekatuta dago sarrerak birsaltzea.

4.5. Sarrera eta/edo sartzeko sistema bat edukitzeak ez die erabiltzaileari, edukitzaileari eta/edo hirugarrenei eskubiderik ematen hura eta/edo haren edukia publizitate, marketin edo sustapen xedeekin erabiltzeko (lehiaketak, opariak eta/edo zozketak barne).

Konpainiak sustatu ez dituen ekitaldien kasuan, dagokion ekitaldiaren sustatzaileak edo antolatzaileak ezarritako arauak bete beharko dira, eta sustatzaile edo antolatzaile hori izango da ekitaldiarekin erlazionatutako eskubideen eta betebeharren titular bakarra.

5. ADINGABEAK

5.1. Debekatuta dago esparrura 16 urtetik beherakoak sartzea, non eta ez datozen gurasoek, tutoreek edo legezko arduradunek lagunduta.

Adingabearekin datorren edo datozen pertsonek NANa eta familia liburua edo adingabearekin duten erlazioa frogatzen duen legezko dokumentua aurkeztu beharko dituzte esparrura sartzeko, bai eta esparruaren barruan ere hala eskatzen bazaie, eta, aldez aurretik, inprimaki hau bete beharko dute: baimena.

Atzerritarrei dagokienez, jatorrizko herrian aurrekoen baliokide diren dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

16 urtetik beherako adingabearekin datorren pertsona ez bada haren ama, aita, tutorea edo legezko arduraduna, amak, aitak, tutoreak edo legezko arduradunak sinatutako baimena aurkeztu beharko du, amaren, aitaren, tutorearen edo legezko arduradunaren NANaren eta familia liburuaren fotokopiarekin batera.

Gainerako adingabeek, hots, 16 urtetik 18 urtera bitartekoek, gurasoek, tutoreek edo legezko arduradunek sinatutako baimena aurkeztu beharko dute jaialdira sartzeko, jarraian dagoen inprimakiaren arabera.

Esparruan dauden bitartean, adingabearen edozein ekintzaren ardura gurasoena edo legezko tutoreena izango da, bai eta ekintza horien ondorioena ere. Bestalde, amak, aitak edo legezko tutoreak deskargu dokumentu bat sinatu beharko du, eta, horren bidez, adingabearen ardura bere gain hartuko du esparruan dauden bitartean gerta daitekeenerako.

5.2. Adierazitako dokumentuez gain, gurasoek edo legezko tutoreek eta adingabeak sarrera erosi beharko dute eta sarrera sistema baliagarri bat eduki beharko dute.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoari kalterik egin gabe, ekitaldira edo esparrura doan sartu ahalko dute ekitaldi zehatz bakoitzerako adierazten diren adingabeek.

5.3. Indarreko legedian debekatuta dago, berariaz, 18 urtetik beherakoei alkohola eta tabakoa saltzea; hortaz, 18 urtetik beherakoek ezin izango dute alkoholik edo tabakorik erosi. Adingabeek NANa soinean eraman beharko dute uneoro.

5.4. Aupaturiko baldintzak betetzen ez badira, adingabeak esparrutik kanporatuak izango dira, eta ezin izango dute eskatu sarrerarengatik ordaindutako zenbatekoa itzultzeko.

6. IRUDIA

1/1982 Lege Organikoa, maiatzaren 5ekoa, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideen babes zibilari buruzkoa kontuan hartuta, eta bertan ezarritakoaren xedeetarako, jakinarazten dizugu esparrura sartu eta ekitaldietara etortzean berariazko baimena ematen duzula zure irudiak hartu, erreproduzitu, banatu eta argitaratzeko, baita sustapen, publizitate eta/edo merkataritza xedeekin ere, edozein bidetatik (elektronikoak barne). Parte hartzaileek, ekitaldira etortzeagatik, beren irudiaren gaineko eskubideak lagatzen dituzte ikus-entzunezko materiala egiteko edozein euskarritan (bide elektronikoak barne) eta material hori erabiltzeko, ustiatzeko eta zabaltzeko erreprodukzio sistema teknikoen edo irudia eta soinua ustiatzeko sistemen bidez. Lagapena doan eta denbora eta lurralde mugarik gabe

egiten da, sustatzailearen eta LAST TOUR taldeko enpresen alde, eta ekitaldian baimenduta dauden komunikabideen eta prentsaren alde.

7. ARGAZKIAK ETA GRABAZIOAK EGITEKO DEBEKUA

Erreserbatuta daude ekitaldiko edukiarekin nahiz parte hartzaileekin eta bertaratuekin erlazionatutako irudi eskubideak eta jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak.

Debekatuta dago esparruaren barruan nahiz ekitaldiko edukiari, parte hartzaileei eta bertaratuei argazkiak atera eta ikus-entzunezko grabazioak egitea, non eta ez den berariazko baimenarekin.

Aurrekoari kalterik egin gabe, gerta liteke esparruaren barruan eta/edo ekitaldiko edukiari, parte hartzaileei eta bertaratuei argazkiak atera edo ikus-entzunezko grabazioak egitea, eta, kasu horretan, debekatuta dago horiek ustiatzea.

8. JABETZA INTELEKTUALA ETA INDUSTRIALA

Sarreraren eta sartzeko sistemaren eduki osoa, eta horiek eman aurretiko beste edozein dokumentu eta/edo elementu, sarrera edo sartzeko sistema eskuratzeko beharrezkoak direnak eta haiei lotuta daudenak (hau da, haiei lotutako testuak eta elementu grafikoak -diseinua, iturri kodea, markak, logotipoak, argazkiak, botoiak, kolore konbinazioak eta, oro har, sorkuntza intelektual berritzaile oro-, eta baita haien aurkezpena, egitura, antolaketa, konfigurazioa eta muntaia ere), titularrarenak dira esklusiban edo haren lizentzia dute, eta 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak, apirilaren 12koak, jabetza intelektualari buruzkoak babesten ditu. Hortaz, ezin dira ustiatu, erreproduzitu, banatu, aldatu, ezagutzea eman, utzi edo aldatu, non eta ez den eskubideen titularraren edo titularren berariazko baimenarekin. Sarrera eta/edo sartzeko sistema eskuratzeak eta/edo edukitzeak ez die erabiltzaileei inolako pribilegiorik edo titulartasunik ematen horiekin erlazionatutako jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideen gainean.