Biltzarrean 3.718 profesional bildu dira, eta musikaz, industriaz, kulturaz, lanaz, berrikuntzaz eta etorkizunez betetako 42 orduren protagonista izan dira.

Bukatu da musikaren industriako profesionalak bildu dituen 4 eguneko BIME PRO biltzarra. Aurten, lehen aldiz, online jarraitu ahal izan da biltzarra, eta, horregatik, inoiz baino nazioartekoagoa eta esanguratsuagoa izan da; izan ere, 3.718 parte-hartzaile izan ditugu 37 herrialdetatik baino gehiagotatik, eta horietatik 1.520 Bilbora etorri dira 5 egoitzetan (Euskalduna jauregia, BBK aretoa, La Ribera, Bilborock eta Azkuna Zentroa) izan diren jardunaldi presentzialetan parte hartzera. Aurreko ediziokoak baino handiagoak dira zifra horiek, askoz handiagoak.

Hasieratik, Europaren eta Amerikaren arteko zubi-lanak egin ditu biltzarrak, mundu osoko profesionalek parte hartu izan duten aldetik: Txile, Argentina, Venezuela, Mexiko, Alemania, Kolonbia, Erresuma Batua, Polonia, Italia… eta sormen-industrien eta kultura-industrien diziplina guztietakoak: managerrak, jaialdietako sustatzaileak, teknikariak, produktoreak, artistak, banatzaileak, sortzaileak, komunikabideetako profesionalak, erakunde publikoetako ordezkariak… Horiek guztiak ezinbestekoak baitira musika entzun dadin, formatu batean ala bestean.

BIME PRO 2020 biltzarrean profesional horiei guztiei elkarrekin lan egiteko aukera eman dien plataforma digitala aktibo utziko dugu; hartara, emititutako eduki guztiak eskuragarri eta networking-eko tresnak erabilgarri egongo dira, aste honetan sortutako sareak zabaltzen jarraitu ahal izateko.

Ekitaldi honek urrats sendoa egin du aurrera jasangarritasunari dagokionez, topaketaren ardatz nagusietako bat den aldetik; horrela, bada, Garapen Jasangarrirako Helburuak izan ditugu xede, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoaren oniritzia jaso dugu, ErronkaGarbia ziurtagiriaren bidez.