Musikaren Industriaren Nazioarteko Biltzarrak Europako egoitzan izan duen 9. edizioa amaitu da Bilbon, 3.500 parte-hartzailerekin, eta 2022ko urriaren 26tik 29ra itzuliko da berriro.

Horren aurretik, musika nagusituko da berriro ere Bogotán, BIMEren Amerikako egoitza berria eta lehenengoa izango baita 2022ko maiatzaren 4tik 7ra bitarte.

Musikaren Industriaren Nazioarteko Biltzarrak Europako egoitzan izan duen 9. edizioa amaitu da Bilbon, eta 3.500 parte-hartzaile izan ditu. Aldi berean, 30.000 konexio ere izan dira topaketa online jarraitzeko, plataformaren eta podcast kanalaren bitartez. Bestalde, 8.500 pertsona bildu dira Bilboko aretoetan, asteazken eta ostegun gauean izandako 40 kontzertuetan; Kafe Antzokia, Backroom, Stage Live, Shake, Bilborock, La Ribera eta Bidebarrieta aretoetan, zehazki.

Hain justu, ostegunean izan zen amaierako zeremonian bi artista handi izan ziren: alde batetik, Zetak nafarra, Europako kontinentearen ordezkari, eta bestetik Bomba Estéreo kolonbiarrak, Amerikako kontinentearen ordezkari. Zeremonian, argi geratu zen bi kontinenteetako profesionalek elkarlanean jarduteko erabateko prestasuna dutela, baita elkarren arteko lotura-zubiak inoiz baino sendoagoak direla ere. 

Zeremonia horretan, gainera, 2022ko maiatzean BIME ekitaldia hartuko duen beste hiriari eman zitzaion lekukoa, eta gero berriro ere Bilbora itzuliko da, 2022ko urriaren 26tik 29ra. 

Ostegunean, Mala Rodriguezen eta Shirley Mansonen hitzaldietan , emakumeen lidergoa nabarmendu da programazioan.  Gainera, Carmen Zapatari eta Patricia Gabeirasi Keychange saria eman zaie, musika-industriako emakumeentzat inspirazio handia izan diren ibilbide profesionalak nabarmenduz. BIME espirituak gaur jarraituko du une honetako jaialdi urbano garrantzitsuenarekin: Miribillako Bilbao Arenan izango den BIME Live. Lehenengo eguneko saioa 19:30ean hasiko da, Bad Gyal, Trueno, Maikel Delacalle eta Frente Cumbieroren kontzertuekin, eta larunbatean ere toki berean izango dira Natos y Waor, Chill Mafia, Ana Tijoux, eta Laura Sam eta Juan Escribanoren kontzertuak.

BIME Bogotá

Profesionalen Biltzarra Usaquén-en izango da, eta hasi gara edukiak eta lehenengo hizlarien izenak zeintzuk izango diren iragartzen.

Izena emateko epea gaur zabaldu da, bime.net webgunearen bitartez.

BIME LIVE jaialdiaren programazioa datozen hilabeteotan ezagutaraziko da. 

BIME Bogotá 2022ko maiatzaren 4tik 7ra bitarte izango da, eta ekitaldiaren irudian La Rebeca eta Apoloren arteko topaketa gertagaitza irudikatzen da; La Rebeca monumentu bat da, emakume bat biluzik agertu zen lehen monumentu bogotarra, eta Apolo, berriz, jainko greziar bat da, hain zuzen ere, gizakiaren sentsibilitatea hasiera-hasierako garaietatik elikatzen duten poesiaren eta musikaren jainkoa, baina baita arrazoimenaren eta ezagutzaren jainkoa ere. Gainera, BIME 2021eko Bilboko ekitaldiko irudiaren inspirazio-iturri ere izan zen. 

Horrela, bada, BIMEk musikaren industrian beste ibilbide batzuk ezartzeko konpromisoa berretsi du, Latinoamerikaren eta Europaren artean fluxu artistiko eta profesionalak ahalbidetu eta biderkatuko dituzten ibilbideak, musikarekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten artista, profesional, enpresa eta publikoentzat ekonomiaren, kulturaren eta harremanen arloetan hazkunderako aukerak sortuko dituztenak. Hori guztia, nola ez, 600 milioi pertsona inguru lotzen gaituen hizkuntzaren babesarekin.

Bogotá hiria ez dugu kasualitatez hautatu. Kolonbiako hiriburua urbe bizi-bizia da, UNESCOren Musikaren Hirien Sarean sartuta dago, eta musika arnasten duen herrialdea izaki, duela urte batzuetatik sentsibilitate ekonomiko eta politiko handia adierazten du Ekonomia Laranjarekiko, hau da, arteen eta ondarearen, kultura-industrien eta teknologia berrien eremuetan ondasun edo zerbitzu sortzaileak eragiten dituzten jarduerekiko.

Hiriak, gainera, kokapen geografiko pribilegiatua du Latinoamerikako espazioaren barruan, mota honetako ekitaldi bat egiteko azpiegiturak baditu, eta maila globalean arrakasta lortzen duten gero eta artista gehiagoren sorleku ere bada Kolonbia. Zifra ofizialen arabera, 2019. urtera arte, Bogotán metatzen zen Kolonbiako zuzeneko musikaren industriaren % 45, eta artearen eta kulturaren arloko ikuskizun mota guztiak hartuta, musika-ikuskizunak eskaintzaren % 89 ziren.

BIME Bogotá musikaren profesional eta zaleen arteko topaketa izango da, eta beste hainbat arlotako talentu eta profesional latino eta tokikoak ere gonbidatuko ditugu; hain zuzen ere, diseinu grafikoaren, bideoklipen, binilo-kulturaren eta musika-dokumentalen errealizazioaren arloetakoak, besteak beste. Negozio-aukera eta kolaborazio berrietara zabaltzea, ustekabeko topaketak gertatu ahal izateko; eta guztiontzako aberasgarri izatea, Atlantikoaren alde batean zein bestean,” adierazi du BIME Bogotáko zuzendari Chucky Garcíak.

Egoitza: Usaquén Gaur, BIME PRO topaketa profesionala noiz izango den ez ezik, non izango den ere jakingo dugu. Hiri handiaren barruan dagoen hiri txiki eta atsegina da Usaquén; 500.000 biztanle baino gehiago ditu, kultura garapen jasangarriaren osagai estrategikotzat eta tokiko, nazioko nahiz nazioarteko integrazio-faktoretzat hartzen duen lehen hiria da.

BIME lana da, etorkizuna da, eta sektore baten errealitatea bizi du; horregatik eratu genuen sektorean lan egiten dugun pertsona guztion artean, eta gu guztiontzat. Gaur egun, ekitaldia osatzen ari gara, baina, hala ere, gure lehenengo bost kartak agerian jarri nahi ditugu, askoz ere gehiago izango direlakoan. Musikaren profesionalentzat eta zaleentzat ezinbesteko hitzordu honetara etorriko diren gure lehenengo gonbidatuak aurkeztera goaz, harro-harro.

BIME Bogotá ekitaldirako honako hauen laguntza izango dugu: Alta Fidelidad, Chilemúsica, Cucusonic Collective, Gaira Música Local, Gibson US Hispanic/ Latin America, Arteen Barrutialdeko Institutua – IDARTES, Argentinako Musikaren Institutu Nazionala – INAMU, Limbo Music, Mercado del Vinilo, Kolonbiako Kultura Ministerioa, ProChile, ProColombia, Radio Gladys Palmera, Caliko Garapen Ekonomikoaren Idazkaritza, British Council Colombia-ko Selector PRO, Vibras Lab., Kolonbiako Sormenaren eta Ekonomia Laranjaren Ministeriordetza, Espainiako Kultura Ministerioa, Acción Cultural Española, Basque.Music. eta beste asko.