• BIME PROn musikaren industriako protagonista nagusiak biltzen dira sektorearen etorkizunari buruz hitz egiteko; izan ere, mundu osoan 800.000 kontzertu baino gehiago bertan behera geratu dira aurten.
    • #inoizbainogertuago lelopean, biltzarrak berriro ere bat egiteko deia egiten du, elkarri eskutik helduta aurrera egiten jarraitzearren.
    • Hiri-ingurune paregabe batean izango da biltzarra: Bilbo erdigunean, eta ekosistema digital berritzaile bat ere izango du atzean, musikaren arloko mundu osoko profesionalentzat ezinbestekoa den hitzordu honen oihartzuna areagotzeko.
    • BIME PROren 8. edizioa urriaren 26an, 27an, 28an eta 29an izango da, eta sarrerak irailaren 1etik aurrera erosi ahal izango dira, www.bime.net webgunean.

Kalkulatzen denez, aurten, maila globalean, musikaren industriak 55.000 milioi euro fakturatzeari utziko dio eta 2 milioi eta erdi lanpostu galduko dira. Jaialdien munduari erreparatuta, milaka eta milaka jaialdi geratu dira bertan behera, ia 20.000 milioi euroko galerak izan dira eta mundu osoko 13 milioi pertsona geratu dira aisialdiko jarduera gogokoenetako batekin gozatzeko aukerarik gabe, pandemiaren eraginez. Adibide gisa, hona hemen hainbat datu:

· Espainian, zuzeneko musikari dagokionez, 559 milioi euroko galerak izan direla kalkulatzen da, eta grabatutako musikari dagokionez, aldiz, 115 milioi eurokoak.

· Argentinan, musikaren industriako 500.000 lanpostu galdu dira eta galerak, guztira, 74 milioi euro izan direla kalkulatzen da.

· Erresuma Batuan, 1.000 milioi euro galduko dira.

· Italian, aldiz, 600 milioi euro; eta horietatik 350 milioi euro fakturatzeari utziko zaio, milaka kontzertu bertan behera geratu direlako.

· Txinan, pandemiaren epizentroan, 525 milioi euroko galerak izan dira.

· Australia, Alemania eta Suitza batuta, guztizko galerak 3.500 milioi euro izan dira.

Eta okerrena zera da, oraingoz, ez duela ematen sektoreak normaltasunez lanean hasteko aukerarik izango duenik ere. Beste sektore batzuetan hasiak dira jada, baina musikaren industrian galerak metatzen ari dira, bira eta kontzertuak bertan behera uzten ari dira oraindik ere, eta, ziurgabetasunez jositako egoeran jarraitzen dugunez, ezin dugu egutegi ziur baten gainean lan egin. Egungo egoera dela eta, aurten ezin izango dugu gure biltzarraren zati ludikoa, hau da, BIME LIVE egin. Eta egoera horrek berak zentzu berezia ematen dio aurten BIME PRO profesionalen topaketari. Gure artean biltzea eta kezkak, ideiak eta tresnak guztion artean partekatzea premiazkoa da, agertoki berri bat marraztu ahal izateko.
“BIME PROn inoiz baino gertuago sentitu behar dugula uste dugu. Enpresa, profesional, ikasle, erakunde sektorial, marka… guztietatik gertuago, azken urteotan hitz egiteko, eztabaidatzeko, ikasteko eta berritzeko elkartzen garen profesionalen sare hau osatzen dugun guztiongandik gertuago, guztiokin, guztion artean eta guztiontzat. Horregatik, krisialdi honek eragin dituen ondorioak ondorio, BIME PRO ekitaldiak aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu du bere gain, eta musika-industriaren etorkizuneko estrategiak taxutzen lagunduko duen egitaraua eskainiko du” dio Julen Martin biltzarraren zuzendariak, edizio honetako leloari buruz: #inoizbainogertuago.
Beste arrazoi bat edizio honek egun bat gehiago izan dezan, hau da, 3 egunetik 4 eguneko biltzarra izatera igaroko da, formatu hibridoan izango da 2020ko urriaren 26an, 27an, 28an eta 29an, eta Europako eta Latinoamerikako musikaren industriako eragileak bilduko ditu. Sorkuntza Industrietako hainbat diziplinatako hizlariekin osatuko da askotariko eta hautatutako programazioa. Oraingoz, honako hauek baieztatu dute etorriko direla: Mike Malak, Billie Eilish eta nazioarteko beste artista handi batzuen agente ezaguna; Rafa Sardina produktorea, Michael Jackson, Stevie Wonder, Lady Gaga edo Alejandro Sanz abeslari handien produktorea dena; eta Tomás Tello, “La Casa de Papel” serie ezaguneko musika gainbegiratzearen arduraduna.bestalde, Europako eta Amerikako elkarteen ordezkarien topagune ere izango da, besteak beste.
Urtero bezala, sektoreko arlo estrategikoetarako berariazko languneak eskainiko dira biltzarrean: BIME PRO FESTS jaialdien topagune izango da berriro, bere historiako unerik garrantzitsuenetako batean; izan ere, 2020ko denboraldia konplexua eta ezezaguna izaten ari baita. Era berean, BIME PRO CAMPUS eta BIME PRO START UP! deialdietan musikaren industrian jardun nahi duten gazteentzako prestakuntzako aukerak eta negozio-aukerak eskainiko dira. Latinoamerikako hainbat herrialdetan zazpi ordezkaritza dituen BIME PRO biltzarra feria iberoamerikarren AMCS – Atlantic Music Conferences Symposium topagunearen lekuko eta egoitza ere izango da, Amerikaren eta Europaren arteko konexio-plana indartuta.
Ekitaldia plataforma berritzaile baten bitartez egingo da, eta topaketa digitalak eta fisikoak uztartu ahal izango ditugu. Ekitaldiaren zati bat geure plataforma digitalean egingo dugu; akreditatutako profesionalek ekitaldia baino bi hilabete lehenago izango dute plataformarako sarbidea, networking-a ahalbidetze aldera. Gune horrek hainbat areto izango ditu, eta areto horietan hitzaldiak, saioak eta speedmeeting-ak egingo dira; guztiak ere streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Aldi berean, Bilboko erdi-erdian egingo diren jarduera presentzialetan ere parte hartu ahal izango da, betiere Agintariek ezarritako neurriak betez, baina ekitaldiaren bereizgarri diren berrikuntza eta sormenarekin. Datozen asteetan emango dugu xehetasunen berri.

Aurtengo edizioa honako erakunde hauen babesa izango dugu: Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, Spri, Kultura eta Kiroletako Ministerioa, Acción Cultural Española, SON Estrella Galicia, GIN MG, Basque Music, Mediterranew Musix C. Valenciana, Dutch Music Export, Xunta de Galicia, Gobierno de Navarra edo Catalan Arts; bestealde, nazioko eta nazioarteko erakunde sektorial nagusiak ere izango ditugu: ES_MÚSICA (Musikaren Espainiako Federazioa), APM (Musika Sustatzaileen Elkartea), FMA (Musika Jaialdi Elkartuak), Yourope (Jaialdien Europako Elkartea), LIVE DMA (Europako Kontzertu Aretoen Elkartea), Euskal Herriko Musika Bulegoa, AIE (Interprete eta Exekutatzaileen Elkartea), MIM (Musikaren Industriako Emakumeak), AEDEM (Musika Editore Independenteen Elkartea), ARTE (Ikuskizunetako Ordezkari Teknikoen Elkartea), IMMF (International Music Managers Forum), PAM (Musika Kazetari Elkartuak), PROMUSICAE (Espainiako Musika Produktoreak), UFI (Batasun Fonografiko Independentea), WIN (Worldwide Independent Network), Keychange (genero-gutxiengoak ahalduntzearen aldeko ekimena) eta beste hainbat, 30 baino gehiago osatu arte.