Edizio honetan, bai parte hartuko duten profesionalek, bai gonbidatuek nazioko eta nazioarteko hiru erakunderi laguntzeko aukera izango dute, zenbateko jakin batzuetako dohaintzak eginez, nahi izanez gero; erakunde horiek gizartea eraldatzeko tresnatzat baliatzen dute musika, eta BIME PROren bederatzigarren edizioan izango dira.

Hardcore Hits Cancer

HCXHC irabazi-asmorik gabeko legezko erakundea da; erakundearen helburu nagusia minbizia duten pertsonei laguntza emozionala eta ekonomikoa ematea da, baita diru-bilketak egitea ere, fundazioei laguntzeko, bereziki, haurren fundazioei; horretarako, jaialdiak eta kontzertuak antolatzen dituzte eta merchandising-a saltzen dute. Hori guztia Hardcore, Punk-Rock eta Metal musikarekin loturik, musika mota horretan elkartasunak ere tokia baduela ikusarazi nahi dutenez.

dalecandELA:

DalecandELA irabazi-asmorik gabeko erakundearen helburua dirua biltzea da, ELA edo alboko esklerosi amiotrofikoa gaixotasunaren aurkako ikerkuntzara bideratzeko eta gaixotasun hori dutenei laguntzeko. Gaur egun, ELA duten pertsonek eta gaixoen lagun eta senitartekoek osatzen dute elkartea, eta kontzientziazio-kanpainak ez ezik, diru-bilketak ere egiten dituzte, kontzertuen bitartez eta euskal eszenako taldeekin kolaborazioak eginez; era berean, soinu-banda bat ere argitaratu dute. ELA gaixotasuna ikusgai egiten lagundu nahi dute, eta eritasun horren ikerketari bultzada eman.

Llorona Records

Diskoetxe eta musikarekin lotutako proiektuak sortzeko plataforma honen egoitza Bogotán (Kolonbia) dago. Musikarekin lotura duten sortzaile, kolektibo, pertsona eta elkarteak konektatzeko proiektuak irudikatzen eta kudeatzen dituen plataforma da. Gure lanaren ardatzak dira, besteak beste, musika-produkzioa eta tokiko garapena, musika tradizionalak zaintzea eta ezagutaraztea, sorkuntzako, produkzioko eta ekintzailetzako egonaldiak, musika-industria independentea indartzea eta kultura-azpiegituren kudeaketa.

Hiru elkarte horiekin panel bat osatuko da urriaren 27an, asteazkena, “Musika, gizartea eraldatzeko tresna“ izenburupean, eta konpromiso sozialak musikaren industrian duen garrantziaz mintzatuko dira bertan. Artearen historian betidanik egin izan den galdera bat planteatuko da mahai-inguruan: sortzaileak konprometitua egon behar du bere inguruko errealitatearekin?

Erosleek nahiz gonbidatuek zenbateko hauetako bateko diru-ekarpenak egin ditzakete, nahi izanez gero: 5, 10 eta 15€.Dohaintzak sarrera-salmentako atari honen bitartez egingo dira: See Tickets.