• Proposamen finalistak pitch baten bidez aurkeztuko dira 80 inbertitzaileren baino gehiagoren aurrean
  • Saria: Trade Mission bat South Summit Mexiko, Kolonbia eta Madrilera
  • Lehiaketa irailaren 12ra arte egongo da zabalik

BIME PRO Start Up! berrikuntzarako eta ekintzailetzarako espazioa eta sorkuntzaren arloko industrietako startup-ak indartzeko topagune garrantzitsua da, eta aurten urriaren 31n izango da BIME PRO Startup Competition lehiaketaren seigarren edizioa.

Deialdi berri hau ekainaren 11tik irailaren 12ra bitarte egongo da zabalik, eta musikarekin zuzenean edo zeharka lotura duen proiektu berritzaileena eta etorkizun handienekoa hautatzea eta bultzatzea da nazioarteko lehiaketa honen helburua; horretarako, startup irabazleak Trade Mission bat jasoko du saritan, South Summit Mexiko, Kolonbia eta Madrilera.

Jasotako proposamen guztien artetik 16k parte hartuko dute Startup Village gunean, hau da, aurrehautatutako proiektuek beren funtzionaltasuna eta zerbitzuak aurkeztu ahal izango dituzten erakusketa-eremuan, betiere negozio-aukera berriak sustatu eta sinergiak sortzeko bertan dauden beste ekintzaile batzuekin eta inbertitzaileekin. Hartara, finalista ez diren proiektu guztiek ere izango dute aukera lehiaketak nazioartean eskaintzen dituen tresnez eta networking-az baliatzeko.

Hasierako fasea burututakoan, 8 startup zuzenean finalera igaroko dira, eta proiektuak 6 minutuko iraupena izango duen pitch batean aurkeztu behar izango dituzte, 80 inbertitzaileren baino gehiagoren eta epaimahai baten aurrean; epaimahaikideak sektoreko profesional onenetakoak izango dira.

Oraingoz, sorkuntza-industrietan eta industria digitaletan espezializatutako 42 inbertsio-funtsek berretsi dute Startup Competition 2019 lehiaketan egongo direla (Viriditas Ventures, Sabadell BStartup, Wayra edo Orkestra, besteak beste); beraz, aukera ezin hobea da hau ikusgaitasun handiagoa lortu eta ibilbidean urrats bat aurrera egin nahi duten proiektuentzat.

NOLA PARTE HARTU ETA SARIA

Proiektu irabazlearen saria Trade Mission bat izango da, South Summit Mexiko, Bogotá eta Madrilera, eta antolatzaileek ordainduko dituzte startup-eko kide baten bidaia- eta ostatu-gastuak; horretaz gain, networking-eko aukera berriak ere eskainiko dira, hau da, ekintzailetzaren sektoreko eragile eta inbertitzaileekin bilerak egiteko hitzorduen zerrenda bat.

Deialdia ekainaren 11tik irailaren 12ra bitarte egongo da zabalik. Informazio guztia, parte hartzeko oinarriak eta izena emateko orria webgune honetan daude eskuragai: www.bime.net/pro/eu/programa/bime-pro-startup