• 30 herrialdetatik etorritako sektoreko ia 3.000 profesional eta 1.400 enpresa bildu dira BIME PRO ekitaldiaren 3 egunetan BEC! aretoan
  • BIME CITY arrakastatsua, bi gauetan ia 50 artistarekin 11 aretotan
  • BIME PRO ekitaldiaren zortzigarren edizioaren egunak zehaztu dira jada: 2020ko urriaren 28an, 29an eta 30ean izango da

 

BIME PRO ekitaldiaren zazpigarren edizioak orain arteko marka guztiak gainditu ditu: 2.880 profesional, 1.445 enpresa eta 320 jaialdi bildu dira, eta musika-industriaren ezinbesteko topagune bihurtu dela berretsi da. Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, Bizkaia musika-negozioaren erdigune bihurtu da, baita Europa eta Latinoamerika lotzen dituen zubi ere, sektoreari dagokionez. Atlantikoa zeharkatu eta dozena bat herrialdetako ordezkariak etorri dira nazioko eta Europako profesionalekin elkartzeko eta sinergiak sortzeko, bi kontinenteen artean lotura berriak sortzeko eta, batez ere, negozioak egiteko.

Adiera guztietan, musika izan da, berriro ere, milaka profesionalek beren agendetan gorriz markatuta duten hitzordu honen leitmotiv nagusia. BIME PROko jardunaldietan pertsona garrantzitsuen hitzak entzuteko aukera izango dugu, eta esperientziak eta ezagutzak partekatu dituzte bertaratu diren guztiekin: Matthew Knowles (musikaren munduko magnatea eta Beyoncé artistaren aita eta managerra), Tom Windish (The xx edo Billie Eilish handien agentea), Olivier Robert Murphy marketinaren gurua, Federica Tremolada (Spotify-ren Europa hegoaldeko eta ekialdeko managing director), Fruzsina Szép (Lollapalooza jaialdiaren zuzendaria) edo Amelia Hartley (Black Mirror edo Peaky Blinders serie ezagunetako musika-gainbegiratzailea), besteak beste. Nabarmentzeko modukoa izan da, halaber, konpainia eta marka handien topagunea: Spotify, YouTube, Facebook, Apple edo Instagram; ekitaldian itsu-itsuan sinetsi dute horiek guztiek, sektorearen behin betiko topagune bihurtzeraino.

BIME PRO ekitaldian, Estatuko musika-jaialdiek bat egin dute eta hurrengo hamarkadako jaialdiak nolakoak izango diren hautematen hasteko aukera ezin hobea izan dute; aurtengo edizioan, 300 jaialdi baino gehiago bildu dira. Ekitaldi horretan sortu da, halaber, ES_MÚSICA, hau da, Espainiako Musika Federazioa; lehen aldiz, musikaren industriako sektore guztiak ahots bakarraren pean bildu dira.

Horretaz gain, egun hauetan kulturako eta sorkuntzako industrien azken berrikuntzak ikusteko aukera izan dugu, BIME PRO Startup Competition lehiaketaren aurtengo edizioan, edizio nazioartekoena eta maila handienekoa izan den aldetik: dozena bat herrialdetako 80 startup lehian aritu dira 8 finalisten artean egoteko. Aurten, saria Luxenburgoko ANote Music plataformak eraman du; plataforma horrek inbertsioa egitea ahalbidetzen du Copyright-en elkartrukearen eta merkaturatzearen bitartez eta, hartara, sortzaileei likidezia ematen die.

Segidako hirugarren urtez, nabarmentzeko modukoa da BIME PRO Campus ekitaldiaren hirugarren edizioak izan duen arrakasta; musika-industrian espezializatutako prestakuntza-programa bat da, eta areto guztiak lepo egon dira hitzaldi guztietan. Aurten honako hauek parte hartu dute, besteak beste: Rozalén, Julio Morote (SONY Music enpresako produktuburua da, eta C. Tangana edo Rosalía artisten kanpainak zuzendu ditu) edo Joe Pérez-Orive (Live Nation España enpresako marketinburua).

Aurtengo beste berrikuntza handietako bat BIME TECH izan da; ekitaldietako zerbitzuen hornitzaileentzat eta produkzioaren munduko profesionalentzat erreferentziako elkargunea izan da eta, aurtengo lehenengo edizio honetan, 20 erakusketari baino gehiago eta ia 20 hitzaldi izan dira, zein baino zein arrakastatsuagoak.

BIME CITY

BIME CITY ere hazi da aurten: 11 aretotako ia 50 kontzertuez gain, proiekzioak, erakusketak eta haurrentzako jarduerak ere izan dira. Bilboko aretoak jendez gainezka egon ziren urriaren 30eko eta 31ko gauetan, eta profesionalek nahiz ikus-entzuleek, oro har, harrera oso ona egin zieten, bai nazioarteko taldeei: Lina eta Raül Refree (Portugal), Thomas Azier (Holanda), Desorden Público (Venezuela), Mono o Estéreo (Txile), Edsun (Luxenburgo) edo Otha (Norvegia), bai nazioko taldeei: El Columpio Asesino (album berria aurkeztu zuten Bilbon) Nøgen, María Guadaña edo Con X de Banjo.

La Habitación Roja taldearen dokumentala izan zen ikusgai Bilborock aretoan, eta horren ondoren kontzertu akustikoa eskaini zuten; horretaz gain, BIME CITY Kids ekitaldiaren barruan familientzako jarduerak antolatu ziren Azkuna Zentroan, eta jende ugari eta askotarikoa hurbildu zen musika hainbat ikuspegitatik ezagutzera eta bizitzera. BIME CITY ekitaldia Bilboko Udalaren laguntzarekin egiten da.