Zuzeneko eta grabatutako musikaren etorkizun hurbila, digitalizazioaren erronka, sortzaileen gaur egungo egoera, pandemiak ekarri dituen erronkak eta Garapen Jasangarrirako Helburuak izango dira eztabaidagai nagusiak urriaren 26tik 29ra bitarte. 

BIME PRO Biltzar Profesionala hilabete honetan izango da Bilbon, eta mundu osoko musika-industriako profesionalak bilduko dira bertan #inoizbainogertuago lelopean; gaur iragarriko dugu biltzarraren 2020ko edukia zein izango den, jendea aurtengo edizioaren berri izateko zain baitago eta inoiz baino beharrezkoagoa baita, sektorea pairatzen ari den krisialdia dela-eta. Topaketa presentziala hilaren 28an eta 29an izango da, baina online formatuan, jarduerak urriaren 26an hasiko dira, astelehenarekin.

Musikaren industriaren gaur egungo testuingurua landuko dugu: gure industria egituratzen duten arlo guztiak (jaialdiak eta zuzenekoak, grabatutako musika, argitalpenak, lege-arloa, teknologia eta berrikuntza, sorkuntza…) banan-banan aztertuko ditugu, Covid-19aren pandemiaren ondoriozko krisialdiari erreparatuko diogu eta krisialdiak ekarri dituen erronkek sektoreko arlo guztietan zer nolako eragina duten ikusiko dugu; horretaz gain, konponbideak proposatzen saiatuko gara, baina gauza garrantzitsuak premiazko gauzen azpian ezkutatuta ez geratzeko ahalegina ere egingo dugu, eta industriak Garapen Jasangarrirako Helburuei arreta ematen jarraitzea ere bultzatuko dugu, azken urteotan aurrerapauso nabarmenak egin baitira helburu horiei dagokienez, hala nola ingurumenean, genero-berdintasunean edo hezkuntzan.

Jaialdien eta zuzeneko musikaren etorkizun hurbila.

Zuzenekoa da, zalantzarik gabe, gaur egungo krisialdiak kalte gehien eragin dion arloa. Pandemiaren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriek edukiera zorrotz murriztu dute, kulturako eta aisialdiko gune gehientsuenak itxi egin dira, eta mugimendu-murrizketen ondorioz ia ezinezkoa da nazioartera joatea. Erronka izugarrizkoa da, eta BIME PROn angelu posible guztietatik aztertzen saiatuko gara. APM Musika Sustatzaileen Elkarteak antolatuta, sustatzaile eta manager-ak “Jaialdiak eta kontratazio artistikoa” mahai-inguruan bilduko dira, eta kontratazio artistikoa datozen urteotan nolakoa izango den galdetuko diote beren buruari, baita krisialdiak zer nolako eragina izango ote duen ere beren ekitaldietako formatu, estrategia eta negozio-ereduetan. Estatuko zirkuitu enblematikoenetako ordezkariek beren auzo, herri eta hirietako gizartean, kulturan eta ekonomian duten garrantziari buruz hitz egingo digute, eta kultura-eskaintza segurua egiteko aukeren berri emango digute “Kontzertu-aretoak eta Covid-19a” topaketan. Halaber, AMCS (Atlantic Music Conference Simposium) bilkuraren bigarren edizioa ere izango da BIME PROn eta musika-feria iberoamerikarrak eta AEBko ingurune latinokoak bilduko dira; Acción Cultural Española elkarteak lagunduta, ekitaldi horietako arduradunek merkatu guztiei mesede egingo dieten estrategiak partekatuko dituzte, eta erronka, kontaktu eta jardunbide egokien berri emango dute.

Grabatutako musika, salbagailua pandemiaren garaian.

Berriki bizi izan dugun konfinamenduan argi geratu da musika milioika pertsonaren kontsolagarri izan dela mundu osoan, estualdiaren eta behartutako isolamenduaren garaian. Arlo profesionalean, gainera, aretoak itxi eta jaialdi eta birak atzeratu direnez, grabatutako musika izan da sektoreari iraunarazteko funtsezko negozio-linea. Katalogo, etorkizuneko royalty eta negozio-eredu berrietako inbertsioen boom-ari buruz hitz egingo dugu adituekin eta etorkizun oparoa izateko itxura duen industriaren segmentu bateko aitzindariekin; hain zuzen ere, Music Financinga izango da mintzagai izenburu ausarta duen mahai-inguru batean: “Zergatik da musika aro honetako inbertsiorik fidagarriena?” Konfinamenduan esponentzialki hazi diren aisialdiko beste alternatiba batzuk aztertuko ditugu, hala nola serieak edo bideo-jokoak, zeren, bai, hor ere bai baitago grabatutako musika. Horri buruz jardungo dute “Musikaren balioa eduki originaletan” mahai-inguruan; hiru Music Supervisor garrantzitsu izango dira bertan: Juanto Tello (La Casa de Papel), Aranzazu Calleja (El Hoyo) eta Omar Tenani (Yembe! agentziakoa).  Argitalpenen arloan, biltzarreko beste saio garrantzitsuetako bat: “A Conversation With… Alexandra Lioutikoff”; Lioutikoff Latinoamerikako eta Estatu Batuetako musika-argitaletxe garrantzitsu bateko (Universal Music Publishing) presidente izatera iritsi den lehen emakumea da, eta konpainiak eraginpean hartzen dituen lurraldeetako garapenaz eta hazkundeaz arduratzeaz gain, konpainiak 19 herrialdetan dituen eragiketak eta harrobia ere bere erantzukizunpean ditu.

Teknologia eta berrikuntza, digitalizazioaren erronka.

Digitalizazioa musikaren industriako edozein arlotan alde batera utzi ezinezko faktorea baldin bada jada, krisialdietan ezinbestekoa da ingurune digitala ezagutzea eta ingurune horri ahalik eta etekin handiena atera ahalbidetzen diguten tresnak zeintzuk diren jakitea; horretaz gain, berrikuntzan eta garapenean izandako aurrerapausoen berri izatea ere garrantzitsua da, gure zeregina sendotzen ez ezik, musikaren sektorearen barruan negozio-linea berriak abiarazten ere nola lagun diezaguketen ikastearren. Testuinguru horretan txertatuko da “A Conversation With… Jean-Michel Jarre” saioa; musikari, konpositore eta musika elektronikoaren aitzindariak tresna eta formatu berriekin egindako esperimentazio-lanari buruz hitz egingo du. Edizio honetako beste bi izen handi: besteak beste, Billie Ellishen agente den Mike Malak eta Rick Salmon, besteak beste, Nick Cave eta P.J. Harvey artisten ordezkaria; biak ala biak “Teknologiaz baliatzen: teknologia pandemiatik ateratzeko bide” gaiari buruz arituko dira. Bestalde, ingurune birtualeko gainesposizioa, batzuetan, bi ahoko arma izan ote daitekeen ere aztertuko dugu. Horren gainean, hain zuzen, jardungo dira “Merezi izan al du? COVID-19aren garaian izandako online (gain)agerraldiaren arrakastak eta porrotak” saioan; konfinamenduan ziberespaziora jaurti ditugun online eta doako edukien uholdea hainbat agenterentzat zenbateraino izan den errentagarria (eta ez soilik ekonomikoki) aztertuko dugu.

Sorkuntza, gauza guztien hasiera.

Ezinezkoa izango litzateke sektorearen egungo egoeraren erretratu osoa egitea sorkuntzaren alderdiari erreparatu gabe. Artistak, sarri, musikaren industriako katebegi ahulenak izaten dira; are gehiago, bizitzen ari garen garai latzetan eta, bereziki, karreraren hastapenetan daudenen kasuan. Horientzat, besteak beste, pentsatuta dago AIEk antolatu duen “Erronka eta aukera berriak artistentzat” mahai-ingurua; Elkarteko arduradunek kolektiboa pairatzen ari den egoera larria arintzeko abiarazten ari diren politiken berri emango dute.

Aurten, errealitateak gure pentsamenduak industriaren alderdi prosaikoenetara behin eta berriz bideratzera behartzen gaituen honetan, BIME PRO ekitaldian gure lanbidetik gehien asebetetzen gaituen alderdia ere sartu nahi izan dugu; horregatik, edizio honetan artisten presentzia oso handia da. C.Tangana bere sormen-talde osoarekin batera etorriko da Euskalduna jauregira, eta underground artista izatetik une honetako musikaren fenomeno nagusietako bat izatera eraman duen lantaldearen arrakastaren kasua azalduko dute. Puerto Ricotik etorriko da Eduardo Cabra musikari eta produktorea, Calle 13 biko arrakastatsuaren sortzailea;  28 Grammy sari eta Latin Grammy sari eskuratu ditu bai bere proiektuarekin, baita beste hainbat artistekin ere, hala nola Jorge Drexler, Cuarteto de Nos edo Rita Indiana. Harekin solasean arituko da Rafa Sardinaproduktore ospetsua, hainbat izar handirentzako produkzio gogoangarriak egin dituena, hala nola Michael Jackson, Stevie Wonder, Lady Gaga edo Alejandro Sanz. Linda Perry arrakasta gogoangarrien indar sortzailea izan da: 4 Non Blonde taldearen “What’s going On”, Christina Aguileraren “Beautiful” edo Alicia Keysen “Superwoman”; aurrez aurre, jakin-min handia duen eta geldigaitza den Donita Sparks izango du, grunge estiloko L7 taldeko burua, musikaren munduan izandako esperientzia eta ikasbide baliotsuak partekatzeko. Nacho Vegas musikari eta idazlea ere egongo da Bilbon, eta bere ibilbidea eta “abestien langile” gisa egindako lana sakonki berrikusiko ditu, Pilar González Ruiz musika-kazetariekin aurrez aurre jarrita. Azkenik, Argentinako Tini artista Alan Queipo kazetariarekin mintzatuko da, eta Disney etxeko haurren izar izatetik –Violetta izan zen– gaur egunera arte egin duen bidea azalduko du; izan ere, egun musika urbanoaren erreferente baita bere herrialdean.

BIME PRO 2020ko programa osatzeko, aurten ere, hainbat tailer profesional egingo dira askotariko gaiak lantzeko, hala nola Big Data musika errentagarriago bihurtzeko; Musika gainbegiratzearen gakoak; baliabide juridikoak eta legezkoak disko-etxe eta bulegoetarako; nola atera etekina Tik Tok plataformari, edo musika-psikologia industriako profesionalentzat, besteak beste. UFI (Unión Fonográfica Independiente) elkartearekin lankidetzan, legezko alderdiei buruzko tailerra antolatu da; tailer hori kenduta, beste guztiak telematikoki emango dira gure online plataformaren bitartez.

Jada eman daiteke izena biltzarrean parte hartzeko, modalitate guzti-guztietarako, presentziala nahiz online. Sarrera kopurua mugatua da, eta www.bime.net webgunearen bitartez eros daitezke.